EKINTZEN AGENDA

Ibilbide gidatua Arrietara, Atxabiribil eta Gorrondatxe/Azkorri hondartzetako Flyschean zehar

ANTOLATZAILEA Sagarrak Ekologista Taldea
LAN ILDOA Baso Ingunea / Ingurumena
DATA ETA ORDUA 09/06/2024 - 9:00 h.
IRAUPENA 6
KOKAPENA Sopelana

Bizkaiko Flyscharen orrialdeak irakurtzen
Ibilbide gidatua Arrietara, Atxabiribil eta Gorrondatxe/Azkorri hondartzetako Flyschean zehar. Aparteko begirada geodibertsitatea, Antropozenoa eta Lurraren historian zeharreko aldaketa klimatikoei
Ekainaren 9an ibilbide gidatua antolatu dugu Arrietara, Atxabiribil eta Azkorri/Gorrondatxeko hondartzetara, Euskal Kostaldeko kokaleku turistiko gisa eta paisaia itzelengatik ezagunak izateaz gain, bertako geodibertsitatea eta ondare geologiko eta historikoa ulertu, ezagutu eta baloratu ditzagun.
Ibilbidea Sopelako Arrietara hondartzan hasiko da, bertan iraganerako bidaia egiteko aukera izango dugu duela 100 milioi urtetako itsas subtropikaletan gertatutako aldaketa klimatiko episodikoei erreparatzeko asmoz. Hortik gertu distantzia laburrera; K/Pg edo K/T muga aurkituko dugu, Lurraren historian zeharreko hondamendi ekologiko garrantzitsuenetarikoa erregistratzen duena: Kretazeo-Paleogenoaren desagerpen masiboa, espezie askoren desagerpena ekarri zuena.
Jarraian, itsaslabarrean zeharreko pasealekutik joango gara kostaldeko ikuspegi paregabeez gozatuz Azkorri/Gorrondatxeko hondartzara heldu arte. Honako hau aparteko lekua da, non iragan historikoa eta naturala nahasten diren hondartza xehe batean. Bertan, hondartza zementatu antropikoen adibide argia ikusiko dugu eta gaur eguneko arroka eta sedimentuetan gizadiaren eragina ingurumenean nabarmenki erregistratuta geratzen dela frogatuko dugu. Gizakien eragina aztertuta, ingurune natural antropiko honen urteen zeharreko bilakaerari erreparatuko diogu ere bai.
Ibilbide gidatua Azkorri/Gorrondatxeko hondartzan bertan amaituko dugu, ibilbidean zehar ikusitako kontzeptuen sintesi laburrarekin zeinetan Antropozenoaren, iragana ulertzearen garrantziaren eta gizadiak eragindako gaur egungo aldaketa klimatikoaren eta honen etorkizunaren inguruko hausnarketa egiteko aukera izango dugun.
Oharrak:
Ibilbidea zailtasun ertain-baxukoa da eta 5 edo 6 orduko iraupena izango du. Hondartzen arteko pasealekuaren bidea eta metro-geltokirainoko joan-etorria kontuan hartuz, ibilbidea ia 7 km-koa izango da. Hondartza hareatsuetatik, errepidetik, pista eta mendi-bideetatik igaroko da, beraz oinetako erosoak, ura eta jateko zerbait (fruta, ogitartekoa, etab) eramatea gomendatzen da.
Joan-etorria metro bidez egingo dugu, Basauriko metroan (Ariz geltokia) 9:00etan geldituta, Larrabasterrako metro-geltokira 10:10etan heltzea aurreikusten dugu. Bertatik, oinez joango gara Atxabiribil eta Arrietara hondartzen sarrerara (Sopelako Peña Txuri surf eskola) 10:45 inguruan helduta. Orduan, bertatik ibilbide gidatuari hasiera emango diogu, Azkorri/Gorrondatxeko hondartzan 13:30ak inguruan amaitu arte, eta oinez itzuliko gara Berangoko metro-geltokira 14:15 inguruan helduz Basaurirako metroa hartzeko asmoz.
Izen ematea:
https://labur.eus/Up4z2

  • Arizko Dorretxea
    Fco. Kortabarria, sn. – 2. solairua
    48970 Basauri - Bizkaia