ALBISTEAK

  • 12 Uzt, 2023

    Bertoko sendabelar eta landare jangarriak ezagutuz

    Pasa den igande goizean, gure inguruko sendabelar eta landare jangarriak ezagutzeko jardunaldi bat egin zen Iruaretxeta haztegiaren inguruan Mentxu Amunategi belargilearen eskutik. Setem Hego Haizea eta Sagarrak Ekologista taldeak antolatuta, 25 pertsonako talde batek inguruan ditugun landareak eskaintzen dizkiguten aukera guztiak era praktiko batean ikasi ahal izan genuen.

    Ekitaldiaren hasieran, haztegiaren ingurutan aurkitzen diren landareak ezagutu genituen, txikori belarra, zainbelarra eta sekula-belarra barne. Hauek ezaugarri arazgarri eta lehorgarriak dituzte, eta infusioan edota entsaladan kontsumitu daitezke. Mentxuk landare desberdinek dituzten ezaugarriak azaldu zituen, baita hauen atal desberdinak nola jaso, prestatu eta kontsumitu daitezkeen, sustraietatik hasi eta fruituetaraino.

    Mentxuk “azterketa” txiki bat egin zuen ondoren, taldeak landare garrantzitsuenak ondo identifikatzen zituela ziurtatzeko. Iruaretxeta haztegian jarraitu zuen ekitaldiak, izan ere bertan Sagarrak taldeak eta hainbat boluntariok baratze bat sortua dute landare mota anitzekin, intsusa edo erratza besteak beste. Honen ondoren, atsedenaldi baten ordua iritsi zen hamaiketako eder batekin, non Mentxuk berak asunekin prestatutako humus bat probatzeko aukera izan zuen taldeak, azenario, erremolatxa eta san pedroko sagarrekin lagunduta.

    Indarrak berreskuratuta, taldeak lanabesak hartu eta lanari ekin zion, haztegiari bizia eta kolore berriak emateko, milorria, erromeroa eta krokosmiaren hainbat ale landatuz. Horrela, espazio honetan azken hilabetetan egiten ari den lanarekin jarraituz.

    Jardunaldi polita izan zen, non taldeak gure inguruko landareak begiratu hutsarekin ditugun baliabide guztiak ikasteko aukera izan zuen.

  • Arizko Dorretxea
    Fco. Kortabarria, sn. – 2. solairua
    48970 Basauri - Bizkaia

© Copyright 2015 Sagarrak - Talde Ekologista minimol-ek